martes, 4 de febrero de 2014

«Aldaketa»

“Zuk aldatu behar duzu, ez besteak.”
PRAJNANPAD

«Erakunde berria martxan jarri genuen 2011ko otsailaren 14an, Peio lider eta talde guztiekin bildu zen nola hasi erakusteko. Aldo RP-ko liderra Peiorekin bildu berri zenean galdetu nion:

»—Zer moduz?

»—Sartu naizenean baino okerrago irten naiz.

»—Eta hori?

»—Hornitzaileekin egiten ari garen guztia zalantzan jartzeko eskatu dit, orri zuri bat aurrean dudala eta guztia egiteko dagoela imajinatzeko. Egiten ari garena neurtuko duten adierazle batzuk ezartzeko esan dit, hornitzaileekin ditugun harremanetan hausnartzeko, eta gero guztia hobetzeko ideia planteatzeko eta lortzen dugun horren jarraipen bat egiteko. Ez dit egin beharreko ezer zehaztu!


»Antolaketa berria goizetik gauera martxan jartzen denez, kaos sentipena eta zer egin ez jakitea jabetu ziren talde bat gidatu behar genuenon artean, segurtasun falta sortuz gugan. Errezetarik ezean, taldea bera da egiten eta erabakitzen joan behar dena, adostutako oinarriak mantenduko dituena, baina ezagutzen ez dituen eremuetan sartuz, dela barne antolaketan edo dela gainontzeko taldeekin harremanetan jartzerako orduan. Egoera berri honetan gatazkak etengabeak dira, eta horrela, Peioren laguntzaz kontzeptuak ulertuz joan ginen antolaketa berriaren mesedetan.

»Guztiok egin genuen aldaketaren alde, baina orokorrean, aldatu behar zutenak besteak zirela uste zutenen joera begi bistakoa zen, baita gainontzekoek egin behar dutena norberak egin behar duena baino argiago ikusteko joera ere. Hala ere, aldaketa norberagandik hasi behar da.

»Denbora pasatuz eta errutina egonkortuz joaten den heinean, guztiok sortzen dugu gure jarduerarekin seguru sentiarazten gaituen eremu erosoa. Eremu eroso honetatik irteteak, huts egiteak egin ditzakegun arrisku eremu batean sartzea suposatzen du. Hutsik egin gabe inork ez duela ikasten aitortzen dugun arren, ez gaituzte horretarako hezi eta hori egin dugunean errietaren bat edo beste ere jaso izan dugu, ondotik. Asko kostatzen zaigu akatsak egiteko aukera dagoela onartzea, beldurra ematen digu, segurtasuna galtzen dugu, eta azken batean eremu erosora bueltatzera behartzen gaitu. Behingoz, hortik irtetera ausartzen bagara akatsak eginez ikasten joango gara, eta arrakastak gehitzean lortutakoaz harro eta pozik sentituko gara. Gure esku dago zirkulu hau jarraitu edo leku erosora egokitzea. Talde mailan garrantzitsua da bertako kideek huts egiteko aukera aldarrikatzea, eta aurrera jarraitzeko akatsetatik ikastea. Hau barneratzen denean, presioa gutxitzen da, eta guztiak askatasun gehiagorekin hitz egin dezakete. Ez dago hartzen ez dena baino erabaki okerragorik, horregatik hau onartzen ez den bitartean, taldeek abiadura ezberdinetan egiten dute aurrera, baina azkenean, lortutako emaitzak ikusteak aurrera egiteko motibazioa ematen die guztiei.

»Horrela, taldeak kalitate adierazleak, kostea, eraginkortasuna eta zerbitzua zehaztuz joan ziren eta eurotan neurtu ahal ziren horiei lehentasuna eman genien beranduago. Lehenengo aldiz hasi ginen ekoizpena eurotan neurtzen, eta espero genuena baino azkarrago ohitu ginen horretara. Adierazle hauek egunero, astero eta hilero (gidaritza informea) neurtu eta argitaratzen ditugu.

»Ner aldaketa honen gaineko zurrumurru asko daude, horietako bat ordu asko lan egin behar direla dioena, larunbatak barne (inolako zerikusirik ez errealitatearekin). Pertsona askok jakin-minez ekin zioten prozesuari, inplikatu gabe eta zenbait proposamenen aurrean balazta eginez. Ardurak izan zituzten pertsona batzuen artean, agintari edo agintari-ertain mailakoenean, jarrera zain egotearena izan zen. Baina prozesuak aurrera egin ahala, gaizki ulertuak argituz doaz eta emaitzak ikusten hasten dira, zain dauden horiek ulertzera iristen dira, eta poliki-poliki proiektuan guztiz inplikatzera. Bestalde, estilo hau guztiz deserosoa suertatzen da agintaritza mantendu nahi duten eta dakitena inorekin elkarbanatu nahi ez duten pertsona horientzat, eta azkenean, egokitzen ez badira joan egiten dira.

»Estilo honek gehiago entzutera eta hitz egitera behartzen gaitu; azken batean, harreman gehiago eta hobeak izatera. Ez da lan erraza, inolaz ere, gure eguneroko lanean edo bizimoduan ikusten dugunez. Gardentasuna, komunikazioa, eskuzabaltasuna, konfiantza, enpatia, datuak eta helburu komuna dira harreman hobeak izateko oinarriak. Panelfisan, estiloa egonkortuz joan den heinean, pertsonak helduago egin dira, aberastu eta euren arteko harremana, nahiz eta oraindik bide luze bat dugun aurretik, orain bi urtekoa baino hobeagoa da.

»Ekoizpen arduradunaren figura desagertu zenetik, egunero ELC, SERTEC eta Koordintzailearen artean 15 minutuko bilera bat egitea erabaki genuen, bertan talde bakoitzaren egoera eta arazoak elkarbanatuko genituen, hau da, eraginak, matxurak, bezeroei egindako erreklamazioak, hornitzaileekin harremanak, etab. Eta, adibidez, baja edo lan karga handiko egoeretan talde bateko pertsonek beste taldekoei lagunduko liekete. Kosta zen hasieran, baina gero askotan errepikatu zen, malgutasuna eman zigun, balio-aniztasuna, eta noski, eraginkortasuna.»


Satur Ormazabal









No hay comentarios:

Publicar un comentario