viernes, 7 de febrero de 2014

«Gehien kostatu zaiguna eta kostatzen ari zaiguna taldean lana egitea da. Aurretik inoiz ez dugu taldean lan egin, ez gaude ohituta. Talde lanak ekarpenak egitea suposatzen du, baina baita azkeneko erabakia beste pertsona batek hartu behar duela onartzea ere»


«Panelfisako pertsonen iritzia: Nola bizi izan duzu Panelfisako prozesua maila pertsonalean eta profesionalean?


»Eneritz:

»KE-ko kide bezala eta baita maila pertsonalean ere gogo handiz bizi izan dut hasieratik esperientzia, aldatzeko gogo bizia genuelako. K2Krekin harremanetan jarri ginen une beretik hasi ginen gogo hori sentitzen, eta biziago sentitu genuen KE-ak gainontzeko pertsonei erabakiaren berri eman eta hauek %100ean babestu zutenean.

»Panelfisa automozioaren sektorean aritzen da, eta horregatik, pertsona bakoitzaren asebetetzearen inguruko azterketa bat egiten dugu urtero, eta normalean balorazioaren emaitza oso kaskarra izaten zen. Egin diren KE guztietan kezka hori agertzen zen, pertsonak gehiago parte hartu zezatela eta hobe sentitu zitezela lortzea; egin ziren saiakerak, baina ohikoak eta maila oso xumean, inoiz ez gisa honetako aldaketa bat. Egia esan, hasierako aldaketa haiek ez ziren inoiz ezertan gelditzen, beti pertsona berdinek parte hartzen eta erabakitzen zuten... arrazoi horregatik aldaketa handi baten beharra genuen, eta gogo biziz hartu genuen proiektu berri hau.

»Maila pertsonalean ilusio handiz hartu nuen. Elkarrizketak hasi genituenean ez nuen uste aldatzea tokatuko zitzaion pertsonetako bat izango nintzenik, urte asko neramatzan departamentu berdinean lanean, eta bertan jarraitzea tokatuko zitzaidala uste nuen. Horregatik, Kalitatetik Konpromiso taldera pasatuko nintzela jakiteak ilusio handia egin zidan, baina beldurra ere sentitu nuen, ezagutzen ez den horrekiko izaten den beldurra. Dena den, oso babestua sentitu nintzen beti.

»Inoiz ez nuen sinistuko Panelfisan 14 orduko lanaldi baten ostean, lanerako horrenbesteko gogoz jarraituko nuenik...


»Emilio:

»Oso gogorra eta oso polita. Gogorra gauza berri asko direlako, aldaketa modu ezberdinean ulertzen duten klase guztietako jendearekin talde bat osatu behar duzu, bakoitzak bere erritmoa du... eta horren modu ezberdinean lan egiten ikastea oso gogorra izan da. Era berean, esperientzia polita ere izan da, ia “hondamendi” egoeran geunden, eta guztion aldetik aldaketa txikiak eginez gauzak nola aldatu diren ikusi dugu. Bi urte generamatzan galerekin, motibaziorik gabe geunden ia, eta zerbait egin ezean enpresa istekotan zegoen. Aldaketarekin gauzak hobetu direla ikusi dugu, ez zegoela atzerapenik, zerbitzua ia %100ean dagoela.


»Alberto:

»Bartzelonan bizi naizen arren, lehenengo lerroan bizi izan dut hau guztia, izan ere hau maitasuna bezalakoa da, ez dago zertan norbait maitatzeko uneoro bere ondoan egon beharrik, ez da ala?

»Orain urte askotik daukat K2Kren filosofia bera, modu xumeagoan, ez baitaukat beraiek duten ezagutza bera. Antzinako eredu bertikalak eta agintzeko jarrerak ez dutela ezertarako balio, orain urte asko ohartu nintzen.

»Aldaketa modu apalean eta zentzuz egin da, oso azkarrak direlako, eta gauzak ondo egiten dituztelako. Oso modu naturalean gauzatu da, pertsonak ez dira ia aldaketaz ohartu erabat murgilduta egon diren arte.

»Hona iritsi nintzenean beldurtu egin nintzen, egitura funtzionala zuen enpresa batekin egin bainuen topo, departamendu estankoak zituen eta enpresa ezberdinak ziruditen enpresa bakarraren barruan. Orain jendea oso motibatuta dago, hau berea balitz bezala sentitzen du eta garapen oso positiboa somatu dut, hala ere, aldaketan aurreratuagoa dagoen jende bat dago, beste batzuk ez horrenbeste, zaila baita, guztiz ulertzeko. Aldaketa izugarria izan da.


»Miguel Ángel:

»Aldaketa oso ona izan da, gustorago egiten da lan, egunero ikusten ditugu adierazleak, eta enpresa egunetik egunera hobeto dagoela konturatzen gara... Maila pertsonalean hobeto egiten dut lan, baina egia da, orain etxera keza gehiagorekin iristen dela bat, lehen ez zen hori gertatzen, behin zortzi orduak beteta enpresaz ahazten zinelako. Orain, lana eta erakundea norberaren parte dira, konpromisoa sentitzen duzu, arduratu egiten zara... baina hori ona da, daukagun implikazio mailaren adierazle baita.

»Hasieran, proposamena luzatu zigutenean beldurtu egin ginen, aldaketari errespetua genion... nolakoa izango ote da hau? Pentsatzen genuen. Baina gero, nola garatuz zioan ikusi genuen eta lasaituz joan ginen.



»Zer da aldatzea gehien kosta zaizun edo kostatzen ari zaizun hori?


»Eneritz:

»Egoera berri honetara egokitzea esango nuke. Orain ez dago nagusirik, eta badakizu lanen bat egin gabe uzten baduzu guztia moteldu egiten dela, lan egitea orokorrean gehiago kostatzen da. Ni ezer gutxi nekien sail berri batean hasi nintzen lanean, lanpostu berri horren nondik norakoak ikasten nituen bitartean antolatzeko estilo berri honetara egokitu behar izan nuen.

»Gainera, nagusirik ez dagoen momentutik jendeak uneoro iritziak emateko joera hartzen du, eta hori ona da, jakina! Baina orain, esku artean daukagun zerbaiten irtenbidea oso argi ikusten dudala gertatzen zaidanetan, badakit ez dela nik bakarrik erabaki beharreko zerbait, orain gauzak ezberdinak dira, erabakiak guztion artean hartzen ditugu, konbentzitu beharra dago, justifikatu... askoz ere pauso gehiago eman beharra dago. Eszenatoki berri honetan hau da antolatzeko daukagun modua. Engranajea ikastea, hori da zailena.

»Beno, eta bada niri pertsonalki asko kostatzen ari zaidan beste gauza bat, nire lankideei aurre egitea. Aurre egitea ez da hitza... Nahiz eta zerbaiten ardura duen pertsona lanean gogor ari dela jakin, nahiz eta bere esku dagoen guztia egiten ari dela dakizun, batzuetan gauzak ez dute funtzionatzen, orain, estilo berrian gauza horiek ez dira pasatzen uzten, arazoa mahai gainean jarri behar da eta eztabaidatu, irtenbidea aurkitzeko. Zuk ez duzu pertsona horrek arazoa modu pertsonalean har dezan nahi, taldeko arazoa delako, eta esateko modurik goxoena bilatu behar da, baina gu oraindik ez gaude pertsona horrekin hitz egiteko prestatuta, eta bera ez dago, eraso pertsonal bat bezala hartu beharrean, taldeko arazo gisa hartzeko prestatuta.


»Emilio:

»Ez dago ezer bereziki zaila izan denik, hala ere, pertsona batzuek aldaketa ulertzeko duten modua barneratzea izan da niretzat zailena. Ez gara guztiok aldi berean aldatu, gehiago kostatu zaion jendea dago, eta hori oztopo bat izan da azkarrago joan nahi genuenontzako. Dena den, alde guztietan gertatzen den bezala normala dela esango nuke.


»Alberto:

»Nire ustez jendeak askatasunez hitz egitea da gehien kostatzen ari dena, oraindik pentsatzen dena esateko beldurra dago, nahiz eta erakundeak onartu. Oraindik nagusiaren, arduradunaren, gainbegiralearen eta gainetik daudenen estereotipoak mantentzen dira, errealiatean guztiz desagertu diren arren. Baina haurrak ginenetik jaso dugun hierarkian oinarritutako heziketaren menpe dauden eta berez sortzen diren gauza asko daude oraindik.

»Orain, beste modu batera lan egin beharrak, zuk aukeratu behar duzunean, erabakiak hartu behar direnean, busti egin behar zarenean... beldur pixka bat ematen du, badirudi akatsen bat dagoenerako babes bat bilatzen dugula oraindik, lana horrela egitera nagusiak behartu gaituela esateko edo.


»Miguel Ángel:

»Erantzun honetan garbia izango naiz, gehien kostatu zaiguna eta kostatzen ari zaiguna taldean lana egitea da. Aurretik inoiz ez dugu taldean lan egin, ez gaude ohituta. Gainera, sarri hitz egiten da taldean lan egiteko beharraz, zehazki hori zer den ez dakigun arren. Orain taldean lan egiten dugu, baina benetan, jende askotako taldeetan, pertsonak beste iritzi dago, eta bakoitzak izateko modu bat dauka, ez du beti denen gustura euria egiten. Talde lanak ekarpenak egitea suposatzen du, baina baita azkeneko erabakia beste pertsona batek hartu behar duela onartzea ere.

»Dena den, modu honetan lanean hasi ginenetik gaur arte asko aurreratu dugu.»











No hay comentarios:

Publicar un comentario