viernes, 14 de marzo de 2014

«ner group osatzen dugun erakunde ezberdinen artean lankidetza urrats berriak emateko une egokian gaude»

«“21 urte made by ner” delakoak harremanen estilo berri batean hartu zuen forma, funtsa eta bizitza eta Irizarren hamalau urteak ere biltzen ditu bere baitan; honi ner group-en hazia erein zenetik igaro diren zazpi urteak gehitu behar zaizkio. Egiteko eta izateko modu honek aurrekaririk gabeko arrakasta lortu du, bere baitan krisi ezberdinak izan dituen azken bi hamarkada luze hauetan zehar, 92koa, 2002koa eta 2008koa kasu. Erakunde ezberdinak eta egoera zailak ezagutu dituen aldia izan da, eta proiektuari eusten dioten ideien oinarria ondokoa da: pertsonetan oinarritua, ardatza bezeroengan eta eraginkortasunean jarrita duena, eta gizartearekin armonian dagoena. Une jakin batean, Euskal Herrian ardura garrantzitsuak dituzten pertsonek, nahiz eta hitzez langileen eta gizartearen egoeraz kezkatzen direla esan, langileak gutxiesten dituen, eta patronalaren eta sindikatuen arteko liskarretan oinarritzen den lan harreman eredua defendatzen zergatik jarraitzen duten azaldu beharko dute.

»Gure ikuspuntutik, ner group osatzen dugun erakunde ezberdinen artean lankidetza urrats berriak emateko une egokian gaude. Taldea osatzen duten hogei erakunde baino gehiagoren eta ilusioa, konfiantza eta gauzak ondo egiteko gogoa duten mila eta bostehun pertsonen arteko sinergia posibleak, datozen urteetan aukera berriak sortzeko oinarri ezin hobeak dira. Horien bitartez, giza garapen justuago eta iraunkorrago batera eramango gaituzten ideia berri eta burutsuek argia ikusiko baitituzte.

»Pertsonen ikuspuntutik, horietako bakoitzak gure erakundeetan gaur egun jokatzen duten paperean salto kualitatibo bat egiteko aukera sortzen da. Gaur egungo harremanak egiteko modua taldeko lanean, gardentasunean, askatasunean, konfiantzan, arduran, erabakiak batzar bidez hartzean, uzta guztion artean banatzean... oinarritutakoa, Gauss-en kanpaiaren eraginaz jakitun gehiengo handi batek ezagutzen eta onartzen duena. Gizartearekin zerikusia duten gaietan oinarrituta, urtean zehar sortzen diren ideietan, gero eta pertsona gehiagoren parte hartzean eragiteko koska bat gehiago igo behar dugu, eta bi koska, pertsonek euren benetako gaitasunekin bat egin eta benetan zer sentitu eta egiteko gai diren ikustarazteko orduan.

»Berrikuntzaz lortu beharreko helburua balitz bezala hitz egiten da, jaso beharreko uztaz bezala; baina oso gutxitan hitz egiten da oinarria pertsonek modu pertsonal eta naturalean daukagun eta begien bistan dagoen hori dela, transferiezina dela, eta gure trebetasunak eta gaitasunak, gure sortzeko ahalmena direla animoak eta aukerak merezi dituztenak.

»Taldeko lanak barneko ikuspegia zabaltzen laguntzen du; baina gizakiak, bere heziketaren ibilbidean landu bezala, errutinarako eta pentsamendu linealera jotzeko joera du, baita adinarekin gaitasunak gutxitzen direla pentsatzekoa ere, eta ondorioz, lana jasan beharreko zigor bat dela onartzen du.

»Hala ere, pentsamendu sortzailea garatu behar da, eguneroko lan formaletik eta errutinara garamatzan horretatik zenbaitetan urrunduz, eta pertsona guztiak jaiotzetik ditugun sormenerako gaitasunak praktikara eramanez. Gaitasunak eta bokazioak aprobetxatzeko garaia da, eta jarrerak eta aukerak erakartzekoa. Ner group-en badakigu gure erakundeak ez direla organigrama estankoz osatutako mekanismoak, ez direla sormen pertsonalerako lekurik uzten ez duten eta lanak definitzen dituzten prozesu era prozedura hutsak, eta badakigu sentimenduak, printzipioak eta harremanak dakartzaten eta bizitza propioa duten pertsonek osatuta daudela.

»Pentsamendu Estrategikoak 2013ren aurkezpenean Ampok egindako batzarrean aho batez onartu zuten pertsona guztien beharrei denbora eskaintzea eta pertsona bakoitzak bere baitan duen gaitasuna lantzeko beharrezkoak diren errekurtso ekonomikoak eta hauek garatzeko eremuak ahalbideratzea direla dauden aukera handienak. Datozen urteetako lorpen berri bat izango da, bai Amporentzat eta baita ner group-eko eta inguruko erakundeentzat ere.»

Koldo Saratxaga
2013ko abuztua











No hay comentarios:

Publicar un comentario