viernes, 18 de abril de 2014

«Sanfilippori stop. Ner Group taldeak antolatu ditu, Sanfilippo gaitza sendatzen laguntzeko» (Lectura de vacaciones, 2)

Compartimos hoy una crónica de una de las Ideas en marcha del Equipo de Compromiso con la Sociedad de ner group, que ha sido una iniciativa en favor de Oier Iribarren y otros niños aquejados de Sanfilippo. A través de estas palabras, podemos ver aspectos tanto del Nuevo Estilo de Relaciones (NER) como de ner group, de la vida de los proyectos NER y, claro está, de los Txantxariak, que han desempeñado un gran papel en esta idea, dentro y fuera del escenario.
La crónica se ha publicado en Tolosaldeko ataria y la ha escrito Ainhoa Oiartzabal. Si lo deseas, dispones también de la edición en pdf.


Stop Sanfilippo fundazioari laguntza emateko, bi ekitaldi antolatu dituzte Tolosan Ner Group taldeko langileek. Apirilaren 6an Txantxariak taldearen bi saio izango dira eta maiatzaren 10ean Ruper Ordorikak kontzertua emango du.

Mikel Agirre tolosarra da ekitaldi hauen antolatzaileetako bat. Ner Group taldeko langilea da bera, eta horrenbestez, euren lanorduen portzentai bat (%2) zein enpresaren irabazien zati bat (%2,5) gizarte ekimenetara bideratu behar izaten dute.

«Gizartearekin konpromisoa izena duen lan taldeak koordinatzen du zein proiektu lagundu, eta ekitaldi hauek tolosar batzuoi bururatu zitzaizkigun».

Izan ere, gaitzaren lekukotasuna hurbilekoa dute; Oier Iribarren mutiko ibartarrak pairatzen baitu.

Zer ekitaldi antolatu erabakitzea ez zaie asko kostatu:

«Txantxariak ere Ner taldekoak baitira, eta Ruper Ordorikak disko berria atera berri zuen, eta gainera, gustuko dugu».

Hala, Txantxarien bi emanaldiez gainera, Ruper Ordorikaren kontzertua antolatu dute maiatzaren 10erako.

Baina Tolosako ekitaldi horiek ez dira Sanfilippo gaitzaren sendabide bila egin asmo duten entsegu klinikoa ordaintzeko Ner taldeak Euskal Herrian egingo dituen bakarrak; Bilbon, maiatzaren 18an, herri krossa antolatuko dute helburu berarekin.

«Antolaketa gastuak eta antolaketa lana guregan hartzen dugu erabat».

Eta zeregin horretan Tolosako Udalak emaniko laguntza eskertu nahi izan du Agirrek. Izan ere, Tolosan gauza asko antolatzen dira eta zaila izaten da eguna zehaztea. Ekitaldi hauekin lortutako diru guztia Stop Sanfilippo fundaziora bideratuko dute.

Tolosan 21.000 euro lortzea jarri dute helburu, «bai Txantxarien bi emanaldietan bai Ruper Ordorikaren kontzertuan Leidor betez gero, lortuko dugu», zehaztu du Mikel Agirrek.

Sarrerak jada salgai daude interneten, 7 eurotan. Gaixotasuna lehenbailehen geratzeko premia ikusita, Agirrek espero du Leidor betetzea eta aurreikusi duten dirua biltzea.


Musika eta jolasak

Txantxariek Tolosan egingo dute geldialdia apirilaren lehen igandean. Gitarra, panderoa, trikitia eta antzeko musika tresnak lagun hartuta, munduan alde batetik bestera dabiltza Mari Txipi, Arantxa Zabalete, Antxon, Txantxibiri Kamino eta, Braulio astoa. Eurek osatzen dute Txantxarien taldea, eta betiko kantuak, kantu berriak, asmakizunak eta beste erakusten dizkiete haur eta helduei. Jolastuz. Eta gozatuz.

Hala, ikuskizun hutsa baino gehiago, elkarrekin ondo pasatzeko hitzorduak dira Txantxariek antolatu ohi dituzten emanaldiak. Honela azaldu dio Txantxibiri Kamino gorpuzten duen Oier Agirresarobek Tolosaldeko Ataria-ri:

«Jolasekin ondo pasatuz, jolasak erakustea da gure helburua. Helduek eta haurrek elkarrekin jolasteko, eta behin aretotik kanpo irtendakoan, jolasten segitzeko».

Besteak beste, haur eta helduen arteko harreman ludikoa indartu, egunerokotasunaren plazeraren bizipena sustatu eta berdinen zein desberdinen arteko harremana bultzatu nahi dute Txantxariek. Finean, lehiakortasuna baztertu eta umeen izaera errespetatzea bilatzen baitute. Eta hori guztia, tresna gutxirekin eta irudimen handiarekin egin ohi dute.



Txantxarien emanaldien oinarrian, zuzeneko musika dago, eta horrenbestez, kantu, dantza eta mugimendu handiko eskaintza izan ohi da haiena. Horrekin, emanaldi parte-hartzailea izatea bilatzen dute.

Jolasetako asko garai bateko jolas tradizionalak dira, «beste batzuk guk asmatuak, eta beste hainbat munduan zehar bidaietan ikasten ditugunak», azaldu du Oier Agirresarobe Txantxariak.

Gauzak horrela, gaztelaniazko nahiz ingelesezko hainbat abesti euskarara itzuli dituzte; horrela ekartzen dituzte gurera munduan zehar bildu dituzten jolasak.


Urtxintxa Eskolaren eskaintza

Ordubete inguru iraungo du saio bakoitzak, eta ekitaldi bakoitzaren erritmoaren arabera, jolas batzuk edo beste batzuk tartekatuko dituzte.

«Izan ere, saioa moldatu egiten dugu bertan parte hartzen duten partaideen arabera».

Hau da, haurrrak zein adinetakoak diren, parte hartzen ari ote diren,... Saio bakoitza egokitu egiten dute unean uneko egoerara. Leidorren adibidez, ezin izango dituzte egin kalean egin ohi dituzten zenbait dantza eta jolas.

Txantxarien ernamuina Urtxintxa Eskolaren jolasen bilduma da. Izan ere, 250 jolas biltzen dituzten lau jolas bilduma eman dituzte argitara, eta Txantxariak orain bizpahiru urte egindako azken DVDaren harira sortu ziren.

«Eta orduan sortu ziren pertsonaia horiek eduki zuten arrakasta ikusita, jarraitzea erabaki genuen», zehaztu du Oier Agirresarobek.

Txantxariek kale emanaldiak antolatu izan dituzte, eta baita ere, datorren astean Leidorrekoa bezala, areto barrukoak ere. Kalean eta aretoetan ez ezik, Hamaika Telebistan eta tokiko telebistetan ere eskaini dute saiorik Txantxariek. Isabel Alba Rico izan dute gidoigile.

Tolosan, ordea, Txantxariak zuzenean ikusteko eta haiekin gozatzeko izango da, haiekin jolasteko aukera izango baitute bai haurrek bai helduek: bi emanaldi gidatuko dituzte, biak apirilaren 6ean, igandean Tolosako Leidor aretoan; eguerdian 12:00etan lehena, eta arratsaldean 17:00etan hasiko da bigarrena.


Ner Group taldean, pertsona oinarri

Ner Group taldean biltzen diren enpresek, euren lan orduen zein etekinen zati bat gizarteko ekimenetara bideratzeaz gainera, pertsona oinarri duen enpresa antolaketa dutela nabarmendu du Agirrek:

«Gure enpresetan ez da dago goitik beherako antolaketa hierarkikorik; lan taldeak daude, eta talde bakoitzak lider bat du».

Astero, urteko plangintzan egitera konprometitu ziren helburuak betetzen ari ote diren ikusteko, Konpromiso bilera delakoa egiten dute.

«Bilera horietan, lan talde bakoitzak bere konpromisoa hartzen du, eta hori aurrera ateratzeko, langile bakoitzak bere lan jarduna antolatzen du».

Norberak erabakitzen du bere ordutegia, eta norberak erabakitzen du bere lan dinamika.

Hala, hierarkiari eusten edota arau zurrun batzuei jarraiki erabili ohi den energia lana aurrera ateratzen eta gizartearentzat onuragarriak diren ekitaldiak antolatzen erabili ohi dute. Iaz, 34 gizarte proiekturi eman zien laguntza Koldo Saratxaga lider duen Ner Group taldeak eta bertako enpresek.










No hay comentarios:

Publicar un comentario