martes, 5 de enero de 2016

Koldo Saratxaga: «Barrurantz begira. Kanporantz begira». ner bizipenak 2014, Aitzinsolasa(Los Libros de K2K)



«Barrurantz begira

»2015eko udazken honetan, K2Kemocionando sortu zenetik hamarkada beteko da. Aldi berean, Irizarren hamalau urtean lortutako aldaketaren ostean, gaur egun ner Group denaren hasiera ere bada.

»Denbora tarte honetan, aukera izan dugu ia berrogeita hamar erakundetan harreman estilo berrian (ner) oinarritutako garapena abian jartzeko.

»Pentsatzen dut ner Group-en irakurleek (www.loslibrosdek2k.com) eta hura ezagutzen dutenek jakingo dutela zer esan nahi duen eredu nagusitik K2K-n sustatzen dugun eta ner Group-eko erakunde guztiek aplikatzen duten ner eredura aldatzeak. Jakin badakigu, are gehiago hamarkada bete igaro ostean, gure proposamenak zer-nolako kultura aldaketa dakarren. Ereinaldi horren ondoren, halaber, ikusi dugu zer fruitu ekarri dituen; zer esanik ez kontuan hartuta erakunde gehienak oso mugako egoeran etorri zaizkigula, sortu zirenetik kudeaketa eredu zaharkituak izan dituztelako eta aterik jo gabe krisi bat etorri zaigulako, noiz bukatuko den ez dakiguna. Gure ustez, askorentzat krisialdia ez da amaituko, baina ez aukerarik ez dagoelako, baizik eta krisia etxean dutela ohartzen ez direlako.

»2011. urtean ekin genion ner bizipenak egitasmoari, beste erakunde txiki eta ertainei lagungarria izan dakiekeela iruditzen zaiguna partekatzeko eta irakasle zein ikasleei hurbileko errealitatea ezagutarazteko asmoz.

»Argi dago hasitako harreman guztiek ez dutela ataka gainditu. Ikusiko dugun moduan, hainbat arrazoi direla tarteko gertatu da hori, baina batez ere, ez delako erraz onartzen hilabete batzuetan edo bizpahiru urtean ezin daitekeela egin errotiko kultura aldaketa bat, etorkizunari begira erakundearen kokagune berri bat zentzu guztietan sendotuko duena. Gure gizartean, ereintzan oinarritutako irakaskuntza baino gehiago uzta bizkorrean oinarritutakoa da nagusi, horretarako beharrezkoak diren bideak eginez, baita etika, gardentasuna eta beste balio ugari albo batera utzi behar badira ere. Ez dugu ikusi alderdi horietan bikainak izan diren erakunde bakar bat ere.

»Erabat burutzera iritsi ez diren erabakiak ere izan dira; esan nahi baita, eredu tradizionaletik ner eredurako kultura aldaketa amaitu ez dutenak. Hamar urte hauetan, hogei bat erakunde izan dira; guztiak ere jabeen erabateko adostasunarekin hasitakoak, bai eta pertsonen % 90etik gorako batez bestekoaren adostasunarekin ere.

»Gehien-gehienak, hamabi hain zuzen, familiako enpresa erakundeak dira, eta honako egoera hauek izan dituzte: egoera kritiko oso labainak izateagatik, eta arrazoi ekonomikoak edo harreman arrazoiak direla tarteko, edo gehienetan, biengatik, laguntza eskatu duten jabeak; baina denborarekin ohartu direnak boterea eta kontrola beste pertsona batzuen eskuetan utzi dituztela, eta bat-batean hainbat arrazoi botatzen hasi direnak harremana mozteko eta betiko bideei berriz heltzeko, nahiz eta pertsona gehienek pentsatu erabat jarrera inkoherentea dela hori. Kasu gutxiagotan, gatazkak izan dira arrazoi nagusi, edo helburu garbietan bateratzerik ez egotea, eta jabetza hainbat eskutan banatuta egotea, lidergo argi eta errespetaturik gabe.

»Bestalde, lau kooperatibatan, oso zaila izan da bazkideen eta langileen dualtasuna modu koherentean eramatea, eta botere gerrek, pertsona batzuen protagonismoak, beteranoen eta gazteen arteko ika-mikek eta kontseilarien, eta horrenbestez botereen aldaketek asko korapilatu dute kooperatiban garrantzia duena pertsonaletik eta taldekotik bereizi ahal izatea.

»Hirugarrenik, familiako hiru elkarte izan ditugu, hasieran bertan onartutako erabakiak erabateko errespetuz zaindu dituzten jabedunak, eta denboran zehar harreman eta jarrera bikaina izan dutenak, baina harreman sindikal bihurri samarrak izan dituztenak, nola hasieran bertan, hala ibilbide osoan. Nahiz eta kasu guztietan aipatutako batez besteko handiarekin onartu biltzarrean ner ezagutzea, eta nahiz eta sindikatuekin modu pertsonalean eta espresuki landu aldaketa prozesuan erabakiak biltzarrean hartuko zirela, alegia, bildutako pertsona guztien erabakiz, hasieratik bertatik egon zen tentsioa sortu eta errespeturik erakutsi ez zuenik, azkenerako proiektuari boikota egiteraino. Nahiago dut horiek gaur egun duten egoera zein den ez aipatzea.

»Eta, azkenik, dozena erdi bat erakunde, lankidetza aldia arrakastaz eta giro onean amaitu zutenak.

»Gainerako erakunde guztiek ner Group-en parte hartzen dute, modu aktiboan egin ere.



»Hamarkada hau igaro ostean bada aipatu beharreko beste begirada eta gogoeta bat: ner Group osatzen duten erakundeetan, aipatutakoez gainera, izan diren zailtasunetan aterako ondorioei buruzkoa, hain justu.

»Horietatik, hauek dira nabarmentzeko modukoak: pertsonek erakundean aurretik bizi izandako harremanak ahazteko beharrezkoa den denbora luzea (adiskidetasuna, ezadostasunak, ezinikusiak, gorrotoak, bekaizkeriak, kide bakoitzarekiko konfiantza eta konfiantzarik eza, iraganaren arabera), eta horrek guztiak ez du zerikusirik ‒askotan, behintzat‒ hierarkiarekiko duten harremanarekin, baizik eta jarduera eta erantzukizun berbereko pertsonekiko dutenarekin, bizikidetzan igarotako urte andanagatik eta partekatutako ilusio urriengatik. Iraganean, jabeenganako edo zuzendarienganako kritikak batzen zituen, baina harreman estilo berria hastearekin batera, ez dago hierarkiarik eta lantaldean aritu behar da; beraz, ezinbestekoa da pertsona guztiekin ondo moldatzea eta elkar ulertzea, baldin eta kateak hots bakarrez funtzionatuko badu. Gainera, proiektu bakar bat partekatu behar da, desadostasunak sortzen dira, eta normala da albokoarekin eztabaidarik eduki nahi ez izatea. Hori guztia bihurtzen da, bada, gainditu beharreko lehen eragozpen. Energia ugari behar da kultura berri bat sor dadin, eta hala, konfiantzari esker proiektu bateratu berria sustatu ahal izateko.



»Era berean, garrantzitsua da pertsonek euren rol berria onartzeko behar duten denbora izatea. Zehazki, langile gisa tratatzen zituzten eta orain pertsona gisa tratatzen dituztenaz ari naiz (ez dago erreferentzia edo harreman berria definitzen duen beste terminorik). Eta eguneroko ezerk ez du zerikusirik iraganarekin: ez gardentasunak, ez askatasunak, ez komunikazioak, ez erabakiak biltzarrean hartzeak, ez Gidaritza Taldeko kide izateak (Zuzendaritza Batzordea esaten zaio enpresa tradizionaletan), etab. Zaila da ikustea inposatutako piramide sisteman posizio bat onartzen dela, baina askorentzat zaila da, halaber, kaiolako atea zeharkatu, eta eragile izateko aukera edukitzea, autokudeatutako taldeetan rol berekia edukita. Hemen, nabarmentzekoa da pertsona horietako askok eta askok Lanbide Heziketako ikasketak dituztela.

»Gainditu beharreko beste eragozpen handi bat dugu hauxe: «Goikoak eta behekoak» ohiko bereizketa, langileen, enplegatuen eta nagusien sailkapen klasikoaren ondoriozkoa, sarri askotan fisikoki goian eta behean kokatzearekin bat datorrena. Azken hori, kasu gehienetan, bizkor aldatu ohi dugu: pertsona guztiak solairu berean jartzen ditugu, eta zalantzarik gabe, horrek asko hobetzen ditu harremanak.

»Bada beste eragozpen bat, txikiagoa hau: unibertsitatetik ateratakoek helburu bateratuak izango dituzten taldeak sortzeko dituzten zailtasunak. Horrek ekoizpenean edo tailerrean diharduten pertsonekin komunikazio, enpatia, malgutasun, eskuzabaltasun eta naturaltasun handia izatea eskatzen du. Gure harreman estiloan hori oinarrizkoa da, esan bezala prozesuan dauden pertsonek osatzen baitituzte bezero lerroko taldeak: hasi bezeroaren eskaera jasotzen denetik eta ematen zaionera arte.

»Erakunde txiki eta ertainetan izaten diren zailtasunak —gauza jakina da bereziki pertsonengan eta horien arteko harremanetan sortzen direla— eskuragarriagoak eta esperientzia askiesgarriak izateko aukera bihurtzen dira gainditu ahala, nola berritzeko gaitasunari esker, hala erronka berriei aurre egiteko, etorkizuneko ikuspegia partekatzeko, egunerokoan bezeroa gogobetetzeko eta etorkizuneko eraginkortasuna eta bermea lortzeko gaitasunari esker.



»Ikus daitekeen bezala, izaten diren zailtasun maila horiek zerikusia dute hierarkian oinarritutako gizartearekin, ezaugarri pertsonalak eta ezohiko ezaugarriak nagusi diren erakundeekin, hezkuntza klasista eta lehiakortasunari begira dagoen hezkuntzarekin, bai eta gugandik edo guztiongatik urrun dagoen niaren kulturarekin ere.

»Jarduteko modu orokor horien jatorrian, alegia, bizi-eskema eta jokaera eskema masifikatu horien jatorrian, pertsonen askatasun gabezia argia bezain kezkagarria dago: pertsona bat libre sentituko da bere proposamena egin dezakeenean, eta hitza denean gainerakoekin iritziak partekatzeko eta askoren artean arazorik gabe bizikidetza bultzatzea ekarriko duten erabakiak lortzeko bitartekoa. Askatasunean egindako harremanen inguruneak ezinbestekoak ditu herritar heldu, ezagueradun eta parte-hartzaileak.

»Baina hori ez denez errealitatea, askatasun horretara doan bilakaera mantsoaz gozatzea besterik ez zaigu geratzen, gure ideiekin koherente eta irmo jokatuz eta pertsonengan sinetsiz.




»Kanporantz begira

»Itxuraz, egunerokoan inguratzen gaituzten irudiek ez dute aldaketaren arrasto handirik erakusten; alabaina, egia da gizartea, jendez betetako mundua eta planeta, bere erraietan, seguru asko Lehen Industria Iraultzarekin hasi eta duela hiru hamarkada sortutako liberalismoan piztu zen eromenaren, suzko herensugeen pare bere boterea eta aberastasuna ugaltzeko helburu bakarrarekin guztia suntsitzen ari den eromenaren norabide aldaketa prestatzen hasia dagoela. Estatuak ez dira euren herritarrez arduratzen, multinazionalen eskakizunak jartzen baitituzte ororen gainetik. Hala, ez dituzte euren gizarte premiak arintzen; are gutxiago, besterenak.

»Modu okerrean onartzen ari gara pertsona desberdinez osatutako planeta garela, ez soilik naziotasun edo kolore desberdinetakoak, baizik eta familia, bizilagun, lankide eta lagun desberdinetakoak; eta gainera, egun guztiak bezperakoak ez bezalakoak direla. Esan nahi baita, ez dugu giza askotarikotasuna errealitate biologikotzat onartzen, eta gizarte desberdintasun bat egituratzen dugu, ia fosilizatu arte. Lurra planetaren erabilera okerra egiten dugu, eta hori funtsezko aldaketak eragiten ari da gure izatean, baita izugarrizko ziurgabetasuna sortzen ere, etorkizunari begira.



»ner Group-etik erakusten ari gara, xume baina argi, ezinbestekoa dela Giza Garapen Bidezko era Iraunkorra izatea. Eta hor txertatu behar da alderdi ekonomikoa: munduan nagusi den makrotik gainditzeke dagoen irakasgaia den mikroraino; izan ere, gizakiok ez dugu ezagutzen, inondik inora, ekonomiari eta finantzari dagokionez inguruan dugun guztia. Eta Giza Garapen Bidezko eta Iraunkorra kontzeptuak adierazten duen bezalaxe, giza alderdia ere aintzat hartzen dugu, gizarte alderdia, teknologia eta aberastasun handiko une hauetan hurbileko zein urruneko hainbeste bidegabekeriez inguratuta dagoena. Bidegabekeria horiek bizitza den pantomima antzerkian norbanakoak behatzen dituen irudien eta rolen batura bihurtu dira, eta inortxok ere ez du lehentasunezkotzat jotzen geroz eta handiagoa den desberdintasun hau nola eta noiz amaitu behar den definitzea. Eta hirugarrenik, Giza Garapen Bidezko eta Iraunkorra kontzeptuak ingurumen arloa ere barne hartzen du. Herritar arruntok hartu behar ditugu ingurumenaren bridak, eta ez utzi gobernuek, batere eskrupulurik gabeko kapital handiaren zerbitzura, gure Lurra eta gure klima beste ezein negozio balitz bezala kudea dezaten.

»Honi guztiari buruz gobernuek esango dute aintzat hartzen dutela eta horren ondorioz jarduten dutela, baina geuk gehitu behar dugu ez dela horrela, eta hala egin beharko luketela, zuzentasunez egin ere, gizaki ororentzat eta gure habitatarentzat neurri egokian eta orekaz.



»Gizarteak egiten uzteko izan duen eromen horrek zortzi urteko krisialdi sistemikora eraman gaitu, eta emaitzak ikusita, ohartzen gara krisialdia ez dela izan aurretik pertsona bakoitzak sistema ekonomiko eta sozial honetan zeukan egoerarekiko proportzionala; izan ere, banako menderatzaileek areagotu egin dute euren nagusitasuna, eta horrenbestez, euren boterea. Era horretan, aberatsenek ikusi dute nola handitu den euren aberastasuna: % 44tik (2009) % 48ra (2014), hain zuzen ere. Munduko laurogei pertsonarik aberatsenek munduko herritar pobreenak diren % 50en aberastasun berbera dute. Gizakien % 92k, beraz, aberastasunaren % 17,7 dute.

»Ezinbestekoa dugu iraultza, eta ez bizi dugun inboluzio hau. Beharrezkoa dugu demokrazia berri bat, errealagoa eta ez hain ordezkaritzakoa, ez hain politikoa, ez hain botereari, oligarkiei eta gune pribatuei lotutako profesionalekin zerikusia duten gutxiengoena. Guztion ongizatea, ezaugarri kolektiboak eta aukera berdintasuna, hiru horiek oinarritzat dituzten demokrazietan barna ibili behar dugu.



»Makrotik mikrorako, hurbilekorako jauzia eginez gero, soldata hauekin egingo dugu topo: gutxien irabazten duten % 10en batez besteko soldata gordina, Estatistikako Institutu Nazionalaren (EIN) Biztanleria Aktiboaren Inkestaren (BAI) arabera, 411 €-koa da; gehien irabazten duten % 10en batez besteko soldata gordina, berriz, 4.617 €-koa. Genero desberdintasunak ez du ohikoa duen norabidea aldatu; izan ere, emakumeek gizonezkoek baino % 24 gutxiago irabazten dute. Zergatik? Emakumeen % 33k lanaldi partzialean jarduten dutelako, eta soilik gizonen % 6k. Gizarteari eusteko modu arkaiko horrekin, emakumeek jasotzen dituzten pentsioen eta gizonezkoek jasotzen dituztenen artean % 40ko aldea dago. Datu horiek ematen dituzte gobernuek. Eta zer egiten dute argitaratu ondoren?

»Diru sarrera horiekin —eta, gainera, diru sarrerak dituztenez jardun behar dugu, milioika pertsona baitira diru sarrerarik ez dutenak—, bizi behar dugu gure mendebaldeko Europa aberatsean, pobrezia egoera kezkagarri eta erdi iluna handitzen ari den bitartean.



»Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), 2014ko gizarte premiei buruzko inkestaren arabera (EPSD-Pobrezia eredua), pobreziaren tasa erreala % 4,2tik (2008) % 5,3ra (2012) eta % 5,9ra (2014) handitu da. Eta pobreziak erasandako pertsonen kopurua 89.706tik (2008) 127.399ra (2014) igaro da.

»Nabarmentzekoa da 14 urtetik beherako seme-alabak dituzten familietako haur pobreziaren goranzko joera, horien tasa gainerako biztanleena baino handiagoa baita: % 7,3tik (2008) % 11,2ra (2014) igaro da. Espainiako Estatuan, “la Caixa”, Fundazioaren arabera, 840.000 haur bizi dira pobreziaren atalasean.

»Europako testuinguruan, EAEk atzerapauso txikiak eman ditu; izan ere, bertako pobrezia erlatiboaren tasa % 18,5ekoa da, 28en Europar Batasunarena (% 16,7) baino handiagoa. Horrek adierazten digu milioika pertsona direla Europar Batasunean pobrezian bizi direnak.

»Gizarteak, oro har, ez dio aurre egiten oso ezaguna ez den errealitate horri, eta onartu egiten ditu inguruan ditugun desberdintasun handiak; nork bere ohiko bizimodua eginez jarraitzen du.



»Haurtzaroan elikadura okerra izateak, alegia, izate duin eta bidezkoa ahalbidetzen duten gutxieneko kaloriarik gabeko elikadura izateak, behe mailako herritarrak eta herritar desberdinak sortzen ditu automatikoki; ez askotarikoak, nahiz eta hala diren. Askotarikotasunetik desberdintasunera jotzen dugu, aukera berdintasunean oinarritutako emozioen, hezkuntzaren eta harremanen garapena izan ezin dugulako.

»Eta horri gehitu behar diogu lehiakorra eta klasista den eskola eredua, bizitzan dena izan duenarentzako aukerak baino ematen ez dituena, eta haren jarrerak baino gehiago haren ahalmenak nabarmentzen dituena. Eskola eredu horrek arautuko du etorkizuneko aukera ugarietarako sarbidea; zehazki, oroimena landuta eta ahal dutenek baino ordaintzen ez dituzten aparteko orduen bidez prestatutako unean uneko azterketetan ateratako batez besteko nota sistema bat baliatuta. Haur bakoitzaren bakartasunak biltzen dituen aukera errealak aintzat hartzen ez dituen eskola eredua, bakoitzaren egoera pertsonala, familiaren egoera edo gizarte egoera ere aintzat hartzen ez dituen bezala.

»Eta horrek bereizkeriazko egoera dakar, zalantzarik gabe sekula baimendu beharko ez genukeena. Horren adibide ditugu, esaterako, EAEn ikasten hasten diren haurren % 10ek eta Espainiako estatuko % 20k baino gehiagok ikasteari uzten diotela, eta horrenbestez, eskola porrota izenez ezaguna den horretan amaitzen dutela.



»Gaur egungo eskola eredua Giza Zientzietako irakasgaiak nagusi izango diren hezkuntza eredu izatetik urrun dago. Filosofia eta historia hautazko irakasgaiak dira, ez baitira garrantzitsuak bizimodu ekonomikoan toki bat egiteko edo hobeto ordaindutako lanbide bat lortzeko. Eta hori bitarteko ona da gaur egungo gazteek (alegia, etorkizuneko helduek) zer gertatzen zaien aztertzen jakin ez dezaten, ez baitute ikasi zer eta nork egin zuen gogoeta aurreko garaietan gertatutakoaz. Badirudi, beste behin ere, hezkuntzarik eza enpresa erakunde eta patronal handien premietara, bai eta komunikabideen premietara ere, bideraturik dagoela, epe motzean handitzeko dituzten helburuak lor ditzaten.

»Nola da posible, bizi dugun krisialdia ikusita eta munduko gizarteak dituen arazo larri eta ugariak aintzat hartuta, haurrek aberatsak eta ospetsuak izatearekin amestea, eta ez duela 25 urte bezala irakasle edo astronauta izatearekin?



»Noiz erabiliko dugu behar adina pedagogia, harik eta ikusarazi arte geroz eta kolaboratzaileagoa den, eta horrenbestez, guztiontzat ongizate handiagoa duen gizarte baterako pertsonak behar ditugula? Noiz utziko diogu pentsatzeari garrantzitsuena ez dela geroz eta ordainsari eskasagoa izango duen zeinahi lanpostu edukitzea, baizik eta zer izan nahi dugun, eta ez hainbeste zer eduki nahi dugun? Noiz erabakiko dugu garunik onenak, ordainsari onenak behar dituztenak eta gizartean gehien aintzat hartu beharrekoak hezkuntza estilo berri baten irakasleak direla, haur bakoitza izaki bakartzat joko dutenak eta eskola porrota eta balioesteko gaur egungo modu bidegabeak aplikatzen duen bereizkeria errotik kenduko dutenak?

»Horixe da oraingo belaunaldiek egin beharreko aldaketa handia: norberekoikeriaren, elkartasunik ezaren eta estutasunik gabeko gizarteetan nagusi den pragmatismo porrokatuaren gainetik egongo diren zuzentasuna eta humanismoa bilatzea.



»ner Group-en pauso garrantzitsuak eman ditugu soldata zuzentasunari eta genero desberdintasunei dagokienez. Ohikoak baino elkartasun kanal handiagoak ditugu, nola barne mailan, hala gizartearekin, baina oraindik urrun gaude Garapen Bidezko eta Iraunkorrez bustitako erakunde izatetik, eta ezin harro egon. Jakin badakigu kulturaren aurka egiteak eramankorrak eta irmoak izatea eskatzen digula, eta hartara, lortutako aurrerapen txikiez gozatu ahal izango dugula. Alabaina, etorkizunean handinahiagoak eta saiatuagoak izatea espero eta nahi nuke, ezin baitugu geure burua engainatu eta jarrera erosoekin konformatu.

»Bultza egiten ez duen edonor bihurtzen da eragozpen gainerakoentzat.»












No hay comentarios:

Publicar un comentario