miércoles, 5 de octubre de 2016

1991n Irizarrera iritsi zenetik, Koldo Saratxagaren 21 urteko ibilbidearen atzera begirakoa


1991ko irailean, 21 urte beteta ditu Koldo Saratxagaren ibilbide profesionalak, Irizar, S. Koop. gidatzeko proposamena luzatu eta hau onartu zioten unean, hain zuzen: hamalau urte Vidrieras de Llodio, S.A. Villosan eta zazpi urte Eroski, S. Koop., Euskadiko Kutxa, S. Koop., eta Urola S. Koop.en. «Ohartu gabe nire bizitza zazpi urteka osatuz dijoa» [383]*, esango du Koldok, Irizarren eman zituen 14 urteak amaitzen dituenean.

Jarraian kontatzen den atzera begirakoa Koldoren oroitzapenetan oinarrituta dago. Erakunde bakoitzari dagokionez, harekiko harremana nola gauzatu zuen azaltzen du eta horietako bakoitzak bere ibilbidean zer ekarpen egin duen.

Ideia adierazgarrienak aukeratu dira, osatzen dituzten 21 urteak nolabait harilkatzen dituelako. Orotara, Koldo Saratxaga Irizarrera iristerakoan zuen ezagutzaren muina ziren, labur azalduta.



Vidrieras de Llodio, S.A., Villosa


Vidrieras de Llodio, S.A. Villosara aldaketa: ikasketak amaituta lan-bizitza hasten da, berezko bikotea Koldo Saratxagaren belaunaldian

«Gure belaunaldian ikasketak amaitzerakoan lanean hasten zinen, eta hura izan zen nire kasua ere. Villosan hasi nintzen lanean, beira ekoizten zuen enpresa batean.» [384]*


Vidrieras de Llodio, S.A. Villosa: «Garatzeko eta modu integralean ikasteko aukera»

«Apaltasun faltsurik gabe esan beharra daukat, oso ondo ikusia nengoela, horregatik garatzeko eta modu integralean ikasteko aukera izan nuen. Gainera, ez dut inoiz ahaztuko nire bizitzan inoiz ezagutu dudan pertsonarik interesgarrienarekin izan nuen hartuemana, Alberto Subinas zen bera, enpresako zuzendari orokorra.» [385]*



Etorki, S. Koop.


Etorki, S. Koop.era aldaketa: «Kooperatiben munduan zerbait ezberdina sortzeko ilusioari erantzuteko aukera»

«Villosan nengoela, baldintza oso onetan gainera, nire lanpostua kooperatiba batean lan egiteagatik bakarrik aldatuko nuela pentsatzen nuen. [...] Guztiaren gainetik kooperatiben munduan lan egin nahi nuen eta kooperatiba batean parte hartzeko aukera izan nuen momentuan utzi nuen Villosa. [...]

»Aukera hura Villosak egurraren jarduera kanpora ateratzeko erabakia hartu zuenean suertatu zen. Orduan hartu nuen nire egoera erosoa alde batera uzteko, eta pilatutako maileguak eta zorrak ordantzeko hain beharrezkoa genuen soldatak ematen zidan egonkortasuna galtzeko erabakia, eta hala onartu nuen proposamena, kooperatiba berri bat sortzeak suposatzen zuen eduki ideologikoak —profesionalak baino pisu handiagoa zuenak— bultzatuta. [...]

»Etorki izena zuen orduan, baita gaur egunean ere. Izen hau Maitek eta nik asmatu genuen, behin, landare batzuk erostera autoz Durango aldera gindoazela. “Datorren zerbait, etorkizunekoa” esan nahi du. Egiaz, zoragarria izan zen ezerezetik kooperatiba bat sortzea. [...]

»Bide batez esan, Mondragon Korporazio Kooperatiboaren (MCC) baitan onartu zuten, aurkeztu nuen bideragarritasun plana ikusita bakarrik, hala eskatzen baitzuten.» [386]*


Etorki: «Erabateko aldaketa izan zen. Pertsonengan konfiantza izaten ikasi nuen»

«Etorkik sistema handi batetik —hierarkikoa, jabeak familia bereko kideak zirena—, zerotik hasten diren eta zerbait sortzen duten pertsonek osatutako kooperatiba sistema batera jauzia suposatu zuen, horrek pizten duen ilusioarekin.» [387]*

«Kooperatiben mundura aldaketa erabatekoa izan zen. Guztia zen berria, alde legala, ekonomikoa, elkar bizitza, ilusioak batzea, lanpostu berriak sortzea, pertsonen aniztasuna sentitzea, etengabe sortzen egoteko beharra. Ahaztu ezingo dudan bizipen bat izan zen, guztiz aberatsa, hainbeste, non ez dudan orain artean kooperatiben mundua utzi, eta ezta erabakiena edo aukerak sortzearena ere. Pertsonengan konfiantza izaten ikasi nuen.» [388]*


Etorkitik irtetea: «Giza sentimendua ez zetorren bat hazteko beharrezkoa den nire sufritzeko izpirituarekin»

«Etorkin eman nituen lau urteetan beti izan genituen emaitza positiboak. Ondoren, berekoikeria pertsonalak azaldu ziren, bakoitzak bere hortzak erakutsi zituen, esan ohi den bezala, eta hura zertxobait behera etorri zen. Goiz batean, zazpietan altxatu nintzen ohetik, kooperatibara iritsi eta zuzendaritza-batzordeari hiru hilabeteko epean lana utziko nuela jakinarazi nion. Ahalegin pertsonal handiegia iruditu zitzaidan, ordainetan hainbeste eskergabekeria jasotzeko. Hala antzeman nuen, eta hortaz, nire askatasun eskubideaz baliatu nintzen.» [389]*

«Etorki utzi nuen, giza sentimendua ez zetorrelako bat hazteko beharrezkoa den nire sufritzeko izpirituarekin. Berekoikeria gehiegi ikusi nuen pertsonengan, eta enplegua sortzeko eta irabaziak guztien artean banatzeko sistema batenganako ilusio gutxi.» [390]*



Euskadiko Kutxa, Kredituzko S. Koop.


Euskadiko Kutxa, Kredituzko S. Koop.era aldaketa: Mondragon Korporazio Kooperatiboan (MCC) hasiko naiz lanean

«Mondragonen (MCC) Kontu-hartzailetza Sailean hasi nintzen lanean, aldi berean hainbat kooperatiba artatzen.» [391]*


Euskadiko Kutxa: bere zerbitzu zentraletan lanean

«1989ko udaberrian, Euskadiko Kutxako zerbitzu zentralean egiten nuen lan, krisian zeuden kooperatiben jarraipena egiten, eta zehazki, horietako hiru edo lauren jarraipena egiten, hain zuzen.» [392]*



Urola, S. Koop.


Euskadiko Kutxatik Urola, S. Koop.era: «Ez dut kanpotik datorren laguntzan sinesten, egunero sufritu behar da enpresarekin. Horregatik eskatu nuen Urola zuzendu ahal izatea»

«Ez dut kanpotik datorren laguntzan sinesten, egunero sufritu behar da enpresarekin. Horregatik eskatu nuen Urola zuzendu ahal izatea.» [393]*

«Nik neuk proposatu nuen nire burua, nahiz eta agian ez zen aproposena izan, lanaldi osoan Urolan aritzeko, etengabeko galera egoera hura gainditzeko helburuarekin.» [394]*

Urola: «Jarduera biziko eta erabakiak hartzeko unea. Harremanak ezinhobeak izan ziren»

«Jarduera biziko eta erabakiak hartzeko une bizi izan nuen. Harremanak ezinhobeak izan ziren. [...]

»Oraindik ondo gogoan ditut garai hartako eta Urolan eman nituen urteetako zenbait oroitzapen. Adibidez, 1988an Urola MCCko koooperatiben zerrendan 93. postuan zegoen, azkenekoen artean %10 suposatzen zutenen taldean, Enpresen Errentagarritasun Tasan %16,3 batekin. 1989an aldiz, 34. postuan zegoen, %11,9 batekin, 9.ean 1990ean %20,8 batekin eta 3. postuan 1991n, %27,9 batekin, industria kooperatiben bataz-bestekoa urte hartan T.R.Earen %6,9a zen bitartean. 1991 urte hartako urrian hasi nintzen Irizarren lanaldi osoan. Emaitza hauek lortu bagenituen, erraz irudikatu dezakezu nolakoa zen pertsona haien ilusioa, bezeroen asebetetze maila...» [395]*


Koldo Saratxagaren sentimenduak, pentsamenduak eta errealitateak, II Eranskina. 1991n Irizarrera iritsi zenetik, Koldo Saratxagaren 21 urteko ibilbidearen atzera begirakoa.


* Notas – Oharrak












No hay comentarios:

Publicar un comentario