miércoles, 5 de octubre de 2016

Erabaki zuen Koldok ontziaren gidari bezala Irizar, S. koopen parte hartzea


Orrialde hauek hartzen dituzten bi hamarkaden abiapuntua, 1991ko udazkenaren atarian kokatu behar da. Irail hura izan zen momentua, denbora, baina hemen irakurri ahal den guztiaren jatorria ez da egutegian aurreikusitako hitzordu bat bakarrik.

«Une hartan Irizar egokitu zen nire bidean, nik ez nuen aukeratu. Niri Irizar eskaini zidaten, eta hona etorri nintzen. Baina Irizar beharrean, beste leku batean egotea tokatu izan balitzait, berdina egingo nukeen. Helburua ez da ikertzea, adimenaren, bihotzaren eta erraien etengabeko konbinazio bat da baizik.» [377]*


Koldo Saratxagaren adimenak, bihotzak eta erraiek «etengabeko konbinazio» bat garatzen dute, milioika gizakien artean bakarra dena:

«Pertsona bakoitza bere izatearen une jakin batean dagoen mundu konplexu bat da gurea. Helburua ez da konparazioak egitea. Norbera, nire ustez, duen barneko indarraren arabera bizi da eta jokatzen du. Ez dut uste inor bestea baino gehiago denik, gure artean ezberdinak baizik.» [378]*


«Barneko indarra» da, historian, egutegian neurtzen diren bizipenak eta errealitateak eraikitzeko motorra. Ala, alderantziz gertatzen da?

«Aukera handiekin topo egiten dut, ez ditut bilatzen.» [379]*


Une eta leku egokian al zegoen Koldo Saratxaga? Gaur, atzera begiratzean, horrela izan zela iruditu dezake, baina garai hartan, gaur bezala, inork ez zuen etorkizuna ezagutzen. Garai hartako orainak, Irizar S. Koop. ez zela leku on bat adierazten zuen, eta uneak ere, egokiena ez izateko itxura guztia zuen. Bere kooperatiba kideentzat ere, bere etorkizunak, epe ertainekoak baino motzera begirakoak, «langabezia» hitza baitzekarren berarekin. Datuei begiratuta, Irizarren egoera ondokoa zen, lehenengo pertsonan bizi zutenek hala kontatuta:

«286 pertsonen artean autokar bat egiten genuen egunean, gutxi gorabehera, eta1990 eta 1991 urteen artean garai hartako 1.000 milioi pezeta galdu genituen, horietatik 700 milioi 1991ko lehenengo bederatzi hilabeteetan, eta “erorketa libreak” ez zuen geldialdirik eta ez zegoen inolako finantza-injekzioetarako aukerarik.

»Irizarrek 102 urteko antzinatasuna zuen garai hartan, eta 1991n, porrot egoeran zegoen azkeneko bi urteetan, 1.000 milioi galdu eta gero inolako estrategia norabiderik gabe, bere historian zehar eraikitako irudia guztiz galduta. Lidertza faltak enpresa egoera hartan kokatu zuen, produktu egoki batekin, baina Espainiako merkatuan %13ko parte hartze urri batekin, eta osotasunaren %15a suposatzen zuen hiru herrialdetara egiten zen esportazio salmentarekin, kasu guztietan marjina negatiboekin. Irizar, Goierri Garaiko enpresa gatazkatsuena zen, ezberdintasun politiko eta sozial nabarmenekin, eta kudeaketan indibidualismorako joera handi batekin.» [380]*


Era berean, Koldo Saratxagaren bizitza eta etorkizunerako aukerak guztiz kontrakoak zirela esan daiteke. 1991n, bere enpresa ibilbideak 21 urte bete zituenean, Koldo Urola Kooperatibako arduradun nagusia zen; larrialdi ekonomiko handi bat gainditzeko bere zuzendaritza hartu eta gero, bi urte eta erdiren buruan oparotasun bidean jarri zuen.

«1988an, Urola 93. postuan zegoen MCCko kooperatiben sailkapenean, azkenekoen artean %10 suposatzen zutenen taldean, Enpresen Errentagarritasun Tasan %16,3 batekin, T.R.E.an %27,9 batekin, industria kooperatiben bataz-bestekoa urte hartan T.R.Ea %6,9a zen bitartean» [381]*


II Eranskinak Koldo Saratxagaren 1991ra arteko ibilbidea laburbiltzen du: «II. Eranskina. 1991n Irizarrera iritsi zenetik, Koldo Saratxagaren 21 urteko ibilbidearen atzera begirakoa».

Horrela bada, 1991ko udazkenean, Koldok bere bizitzan 180 graduko bira emateko erabakia hartu zuen, eta hogeita lau ordutan hartuko zuen. Erabaki honek Koldoren eta Irizarren ibilbideak batuko ditu. Une haiek horrela azaldu zituen bere protagonistak ¿Sinfonia o Jazz? liburuko orrialdeetan:

«Bi urte eta erdi neramatzan Urolan, oso gustura nengoen, kooperatiba onenen artean zegoen, Legazpira bizitzera joateko nahi nuen etxea aukeratu nezakeela esan zidaten, eta nik zehaztu nezala irabazi nahi nuenaren zenbatekoa. Oso ezohikoa zen hau kooperatiba batean. Eta egun batean, Arrasaten bilera baterako deitu ninduten.

»Krisi sakonean zegoen kooperatiba bat eskaini zidaten, esan zidatena eta askok sinestu zutena baino krisi sakonagoa zuen, ez nuen ezagutzen, nire etxetik urruti samar zegoen (75 bat kilometro guztira) eta neukan soldata berdina mantendu zidaten. Hogeita lau orduren buruan onartu nuen proposamena. Irizarren iritsi nintzeneko soldata bera izan nuen bost urtetan jarraian, tokatzen zenean eguneratzen zidatena; zenbait lankidek baino gutxiago irabazten nuen; gaur egun, orokorrean, Irizarren edozein pertsonak irabazten duenaren antzeko soldata zen, azken batean. Beranduago, konturatu zirenean, nik nahi nituen baldintzak jartzeko esan zidaten, inongo mugarik gabe. Beti lortu izan ditut asebetetzea eta ordainsariak ni bila joan beharrik gabe. [...]

»Apustu pertsonal garrantzitsua egin nuen. Nik uste lehenagotik egiten ari nintzela, jada. Baina apustu garrantzitsua izan zen, bai, etxetik ateratzen bainaiz egunero, Galdakaotik, Ormaiztegitik ordu eta pikora, eta egiaz, egin nuena egin eta gero, eta etxetik hurbilago nuen lan bat aukeratu nezakeela zirudienean, Irizarren parte hartzea proposatu zidaten, ezagutzen ez nuen enpresa zen eta hari buruz galdera gutxi egin nituen, baina banekien kooperatiba gatazkatsua zela eta arazo ekonomiko handiak zituela. Nahiz eta egoera hura zela jakin, bertan parte hartzea erabaki nuen.

»Ez zidaten gehiago eskaini. Ez etxetik urrutiago zegoelako, ezta enpresa handiagoa zelako. Ezer gehiago ez, azken batean. Besterik gabe, arazo berri bat zela konturatu nintzen, egoera berri bat zen eta erronka onartu nuen. Erronka berriek beti erakartzen nauten modu berean erakarri ninduen, eta hura horietako bat zen.

»Ikuspuntu horretatik begiratuta, arrisku pertsonal garrantzitsua hartu nuen, aurretik kudeatzaile ugari igaro baitzen Irizarretik, hau martxan jartzea lortu gabe.

»Niretzako ere, beste momenturen batean aipatu dudanez, gizartearentzako zerbait egiteko aukera bat izan zen. [...]

»Ez dago besteak baino egokiagoa den enpresarik. Edozeinetan egin dezaket edo saiatu naiteke. »Une hartan Irizar egokitu zen nire bidean, nik ez nuen aukeratu. Niri Irizar eskaini zidaten eta hona etorri nintzen. Baina Irizar beharrean, beste leku batean egotea tokatu izan balitzait, berdina egingo nukeen. Helburua ez da ikertzea, adimenaren, bihotzaren eta erraien etengabeko konbinazio bat baizik.» [382]*


Horrela erabaki zuen Koldok ontziaren gidari bezala Irizar, S. koopen parte hartzea. Bere «adimenak, bihotzak eta erraiek» erronka eta arriskua onartzera daramate. Aurretik, 21 urteko ibilbidean garatu eta erakutsitako lidertza zuen bizkar gainean eta ohiko moduetatik ezberdintzen zuten enpresagintzan aritzeko sinesgarritasuna. Horrela ikusiko zuten, dirudienez Mondragon taldeko, munduko kooperatibarik handieneko zuzendariek Koldori proposamen hau luzatu ziotenean, proposamen pobrea, baldintza ekonomikoei dagokionean. MCCk, munduko kooperatiba talde handienak, izen handiko zuzendari asko ditu. Horietako batzuk Irizarren gidaritza eramaten saiatu ziren, baina porrotak bere bidetik jarraitzen zuen.

Handik aurrera gertatu zena, orrialde hauetarako inspirazio iturri da, bere kabuz hitz egiten du. Koldo Saratxagaren sentimenduak, pentsamenduak eta errealitateak dira.


Koldo Saratxagaren sentimenduak, pentsamenduak eta errealitateak, I Eranskina. 1991n hasten diren bi hamarkada.


* Notas – Oharrak












No hay comentarios:

Publicar un comentario