viernes, 25 de noviembre de 2016

Nolakoa da orri zuriaren kultura gaur egun? Urtxintxa Eskolaren esperientzia: antolaketa eredu berria, arduren banaketa berria, sentipen berriak



Orri zuriaren kulturan oinarritutako esperientziak protagonisten eskutik zuzenean ezagutzeko aukera daukagu; orain, Atzio Orexak, Urtxintxa Proiektuko koordinatzaileak azaltzen digun hau bezala. Eskolako gidaritza taldearen lehenengo bileraz mintzo da:

«Talde honek proiektuaren kudeaketa dinamikoa gidatzen du. Epe ertain eta luzera begira erakundearen jarduera lerroak zehazten dituen foroa osatzen du. Arrunki zuzendaritza taldea deitzen zaion horri kontrajarrita, normalean maila altuko zuzendariek bakarrik hartzen dute parte bertan —honekin batera onarpen ekonomiko eta soziala dago—, gidaritza taldea taldeetako koordinatzaileek osatzen dute, ELCetakoak barne.» [260]*

Atzioren artikuloan sentimendu honen eta hastearen, ekitearen, aldaketaren, eboluzionatzearen... errealitatearen isla ugari ikusiko ditugu, harremanen, aukeren, esnatzearen... bitartez errealitatearekin hartu eman gehiago izatera bideratuta…



«Urtxintxako Gidaritza Taldearen lehenengo bilera»

«Hilabete inguru pasa da Urtxintxako gidaritza taldearen lehenengo bilera egin genuenetik.

»Gure erakundean osatu ditugun gainerako lan-taldeekin biltzeko behar beste denbora.

»Egitura eta estilo aldaketa ulertzen eta nola ari garen aurrera eramaten antzemateko eta sentitzeko behar beste denbora.

»Eta Oscarrek ere denbora nahikoa izan du zenbaitetan, proiektuaren koordinatzaile naizen aldetik, gure GTaren —gidaritza taldearen laburdura erabili dut— lehengo bilerari buruzko nire bizipenak eta ikuspegia islatzeko artikulo bat idatzi behar dudala gogorarazteko, aurrez agindu nion bezala.

»Hortara noa, nahiz eta denboraz larri ibili.

»Orain sentitzen dudan hau, gure taldeetako lider askok askotan aipatzen duten zalantza sentimendua dela uste dut, GTko bileren gai-ordenean, lehenengo lan gisa Urtxintxan aurrera eramaten ari garen mugimenduen, arduren, zailtasunen, konpromisoen, antolaketa eredu berriaren aurrean nola sentitzen diren azaltzeko proposatzen diedanean bezala. Emozioek eta sentipenek gure bileretan euren lekua izatea garrantzitsua dela iruditzen baitzait.

»Beharrezkoa da lan prozesuari lehenengo pertsonan hitzak jartzeko. Gure ibilbide propioan protagonista egiten gaituen prozesua da, non ardurak, itxaropenak, zailtasunak, erresistentziak, beldurrak, etab. jada bakarka, isiltasunean, beldurrez etab egiteari utzi zaion. Orain pertsonek elkarri begiratzen diote, taldeka, aktiboki komunikatzen dira, lehen aukera sinplea zena orain erronka bilakatzen da, gure lehiakideak aintzat hartzera bultzatuz.

»Honegatik guztiagatik, hitz egiteko esparru bat antolatzea beharrezkoa dela sentitzen dut.

»Egitura aldaketak sortzen diguten emozioek eta arduren banaketa berriak gure erakundean eragina badute, hauei ekiteko behar dugun denbora hartzen dugu. Zentzu honetan, GT ondorengo bilerek, guztiek, hartu dute aintzat puntu hau gai-ordenean, eta momentuz hala izaten jarraituko du.

»Nik artikuloa nola bukatuko den zalantza daukat, baina ez gure erakundeari buruz, ilusioa sentitzen dudalako eta benetan behar duguna egiten ari garelako uste osoa dudalako, eta gainera, gure etorkizuna eta asmoak bere osotasunean erdiesteko baldintza onenak ditugulako. Nigan sentitzen dut, eta poliki-poliki gainontzeko pertsonengan haziz doanaren irudipena daukat. Egia da, dena den, momentuz pertzepzio bat baino ez dela, orain arte ez baitit inork horrelakorik aitortu, baina “errekonozimendu” kontzeptua faltan bota dudan une hauetan lasaitzen nauen eta segurtasuna ematen didan benetako xuxurla batekin kontatzen dut, gutxienez.

»Nabarmendu daitekeen lehengo gauza, GTa orain arte Urtxintxaren erabakiak hartzeko dinamikan parte hartu ez duten pertsonek osatzen dutela da. Orain dela gutxi arte, beste batzuk ginen erakundearen dinamika orokorra koordinatzeko biltzen ginenak. Bulegoan eta bulegotik lan egiten genuen pertsonak, hortik kanpora egiten zenarekin harreman eskasa genuen pertsonak: aterpetxeak, ikastolak eta udalekuak, bereziki.

»Orain, Urtxintxaren errealitatea osatzen duten talde guztiak daude ordezkatuta GTan, honekin bulegoan eta gure erakundean lan egiten duten pertsona guztien artean zegoen urruntzea murriztea lortu dugu. Nabarmentzeko lehenengo puntua da, Urtxintxa “egiaz guztiona dela” (elkarbanatutako proiektua) sinistarazteko balioko duena.

»Beste gai batzuei dagokienez, GTa biltzeko engranaje orokorrago baten parte dela nabarmentzea gustatuko litzaidake. Bilera guztiak, eta GTarenak bereziki, partekatutako eskenatoki batean gauzatzen dira. Orokortasun batean kokatzen dira, aurrez adostutako eta ulertutako mahai-jokoan, GTan parte hartzen dugunoi zentzu bakarrean, onarpenean eta koherentzian hornitzen gaituelarik. Eta lehenengo bilera hartan hala antzeman nuen nik. Parte hartzeko azaldu zen jarreran eta arduran oinarritzen naiz hau baieztatzeko. Entzuteko jarrera bat, irekia, parte hartzeko gogoa, interes partikularretatik urrun zentzu orokorrean iritzia ematekoa... dira parte hartu zutenen artean jaso nituen lehenengo lorpenak. Bizi ditudan sentipen hauek —gero eta indar handiagoz gainera— berriak dira, edo, kasu batzuetan lokartuta edo gaizki banatuta zeudenak.

»Bilera giro garbian, osasuntsuan eta irekian egin zen. Batez ere, praktikatik ikasteko gogoa zegoela antzeman nuen, erakunde batean onartu dugun funtzionamendu ereduan elkarbizitza esan nahi duena. Giro honetan oso erraza izan zen bilera gidatzea, niri dagokidan ardura hau ere, aurrez aipatu dudan markoaren barruan kokatzen dela nabarmendu beharra daukat, hau da, harremanen egitura orokorrean. Bitxia da hau, izan ere aurreko aldietan mota honetako bilerak gidatzen nituenean ez nuen berdina sentitzen, gauza berdinak egiten nituen arren. Baina orain, egoera beste bat dela nabaritzen dut, eta egoeraren ezaugarri propioek dagokigun lekuan eta betebeharretan kokatzen gaituzte guztioi. Kasurik gehienetan ñabardurak baino ez dira bileraren garapen armonikoa ahalbideratzen dutenak, eta bertan bilera baten koordinatzailearen oinarrizko betebehar guztiak gauzatzeko aukera izan nuen. Sutileziak.

»Taldeari erabakiak hartzeko modu eraginkor eta azkar bat eskura jartzeko aukera eman nahi nion. Kasu batzuetan barrutik, hau da, lantzen ari zaren gaiaren inguruan parte hartuz eta iritzia emanez. Beste batzuetan, galdera zehatzak luzatuz edo gaia eskuetatik aldentzen ari zela konturatzean berriro harira itzularaziz taldeari erabakiak hartzen laguntzen.

»Bilera mamitsua izan zen, lantzeko hamaika bat punturekin; aurreikusitako denboran guztiak arraskastaz gauzatu genituen.

»Behin guztiok nola sentitzen ginen, bizi genituen emozioak nolakoak ziren azaltzeko aukera izan genuenean, egoera ekonomikoaren aurkezpenak guztiok lurrera ekarri gintuen. Bukatu ziren ekonomia gaietan gauzak nola zeuden bi pertsonek solik jakitea. Bukatu ziren banatzen ez genuen garaia, eta ez opakotasun edo obskurantismoagatik, duen garrantzia emateagatik baizik, irabazi asmoarik gabeko erakundea garela ahaztuta. Egoera ekonomikoa partekatzen hasi ginen, guztiok ezagutzeko eta ardurak hartzeko. Orain osagai didaktikoekin komunikatzen gara, kontzeptuak ulertu eta zenbaki hotz eta absolutuek zentzua har dezaten. Poliki-poliki, GTaren ondorengo bileretan hortara gerturatzen joango gara, eta “gastu zuzena”, “marjina-gordina”, “altxortegia”, “eraginkortasuna”... bezalako kontzeptuak gero eta ezagunagoak egiten joango dira, eta ondorioz baita aipagarriagoak ere. Gure egunerokotasunaren parte izaten hasiko dira.

»Bilerako gainontzeko puntuak gure eguneroko betebeharrei zegozkienak ziren, batzuk informatzaileak baino ez ziren, beste batzuk erabakiak hartzea eskatzen zuten.

»Bilera hasi aurretik, erabakiak hartzerako orduan azalduko ziren jarrerek eta iritziek kezkatzen ninduten. GTan proiektuetako lider bezala ari ziren pertsonek parte hartzen zutenez, a priori euren lan-taldeetan proposatutako iritziak gogor defendatuko zituztelaren beldur nintzen, hau da, parte hartzea gainontzekoen ordezkaritza soil bat baino ez izateak ematen zidan beldurra, gainontzeko taldeen iritziak eta erakundearen ikuspegi orokorra kontutan hartu gabe. Baina nire hasierako kezka segituan desagertu zen, horrela ez zela konturatu bezain laster. Proposamenak luzatzen ziren, bai, baina testuinguru orokorrean planteatuta. Hau ez dela beti horrela izan behar ulertzen dut, baina garrantzitsua iruditzen zitzaidan lehenengo bilera hartan talde bakoitzaren kokapena hori izatea, ibilbide hau kokapen partikularretatik aldenduta hasteko, ordezkaritza zuten horiek bakarrik kontutan hartzetik urrun. Hala, talde batzuetako proposamenak berriz adierazi behar izan zituzten eta beste batzuk interes orokorren arabera onartu ziren.

»Hau da, gutxi gorabehera, gidaritza taldeko lehenengo bilera hura nola bizi nuen azaltzen duen kronika. Nola sentitu nuen nik eta nola sentitu nintzen bertan. Aitortu beharra daukat baita, artikulo honen hasieran nituen zalantzak ere desagertu direla. Gutxi gorabehera horrelako zerbait izan zen.

»Horrela bizi izan nuen nik.» [261]



Koldo Saratxagaren sentimenduak, pentsamenduak eta errealitateak, 7. kap.


* Notas – Oharrak











No hay comentarios:

Publicar un comentario